XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HARTZA, GURE SENIDEA

Hartza oso herrikoia da, inola ere.

Ihauteri, festa eta abarretan hartzaren mozorro eta historiak Pirinioetan nonnahi azaltzen dira.

Mundu guztian ere gauza bera gertatzen dela esan daiteke.

Sineste eta mitoen unibertsoa dago hartzaren inguruan.

Antzinako Europako jainkosek erabiltzen zuten animali formetako bat da.

Urtaroen arabera azaldu eta ezkutatu egiten delako Ilargiaren ordezkaritzat ere hartu izan da.

Munduko leku askotan hartza gizakien arbasotzat hartu izan da, baina Pirinioetan alderantzizko historia ere bada, hau da, hartza gizakiaren ondorengoa dela dioena.

Gizon bat eta emakume bat Jesus Aríegeko mendialdean zebilela ezkutatu egin ziren.

Jesukristo igaro zenean, neurriz gaineko indarrez garrasika hasi ziren biak.

Jesusek honakoa esan zien: Aberearena egin nahi al duzue? Hartz bihurtuko zarete eta zuhaitzetara igoko zarete, baina izeietara ez.

Gizon eta emakume hura izan zen Pirinioetako lehen hartz-bikotea.

Euskal Herrian ehiztari bat izan zen Jainkoak zigortu zuena.

Hartzak jan eta gizonaren arima bereganatu zuen.

Oso hedatua dago hartzak sabelean hildakoen arimak daramatzala dioen ustea.

Hala ere, sugeak ez bezala, hartza ez da inoiz izaki gaiztotzat hartu.

Animalia irenslearen fama izan arren, herriskak, lekuak eta etxeko abereak babestu egiten dituela pentsatu izan da.

Are gehiago, hartz-hezitzaileek beren emanaldia herrian zutenean, lehenbiziko ikuskizuna ume gaixoentzat izaten zen.

Hartzaren bizkarrean zangalatraba umea ipinita, umeak urrats batzuk eman behar zituen.

Horrela sendatu egingo zela uste zuten.

Hartzak adimena eta gizakien portaera zein jarrera dituela uste da.

Azeria eta trebea da, edozertarako gauza; baita giltzaz itxitako ikuiluetara sartzeko ere.

Horrez gain, artzain eta ehiztariek diotenez hartz arra eta emea parekatzen direnean elkarren gainean egoten dira gizakien gisan.

Hartza izendatzeko hitz ugari erabili da, baina ezagunena Martin da.

Agian Erdi Aroko izena izango da.

Martin d'Ustou izeneko batek, erregearen izenean Castillon-go gaztelua gobernatzen zuenak, oso gaiztoaren fama zuen Couserans-ko inguruetan.

Iseka gisa edo, lehen hartz-hezitzaileek Martin deituz dantza eginarazten zieten animaliei.